Astigarragako Mapa Morea

ASTIGARRAGAKO MAPA MOREA ekimenaren helburu nagusia herria parte-hartze prozesu baten bitartez genero ikuspegitik aztertzea izan da.

Prozesua

Hiri debekatuetatik haratago

Hiri debekatuaren mapen helburua emakumeen segurtasunaren ikuspegitik hirigintza berrikustea izan da. Hirigintza eta generoari buruz ari garenean segurtasunaren gaia da guztien gainetik ageri dena. Baina genero ikuspegitik hiri bat aztertzeak beste eremu asko ukitzen ditu, hirigintza ere ez baita inondik ere neutroa.

Hirigintza eta generoa

Espazioek, herrien eta herrialdeen antolaketa, forma eta definizioek eragin handia dute bertan bizi diren pertsonen eguneroko bizitzan. Hori horrela izanik ere, historikoki lan ugalkorra (genero-rolen bitartez emakumeei egotzi zaiena) ez da izan hirigintzan kontuan izan den gaia. Hirietako espazioen egituraketan lan ugalkorrari ez zaio kasurik egin, gizartearen biziraupenerako eta jasangarritasunerako ezinbestekoa den arren. Baina kaleak, plazak eta parkeak espazio publikoak dira eta guztiok erabiltzekoak. Zentzu horretan, segurtasuna, mugikortasuna, irisgarritasuna eta zaintza-lanak bermatu edo erraztu beharko lituzkete espazio hauek.

Espazio publikoaren erabilera

Honetaz gain, eta espazio publikoa delako elkarbizitzarako leku nagusia, proiektu honetan Astigarragan elkarbizitza hori nola ematen den aztertu dugu parte-hartze saioetan: zer leku erabiltzen diren, zeintzuk ez, pertsona desberdinak ordu desberdinetan zein leku dituzten gustuko, zeintzuk saihesten diren, gauetan, neguan… 

Lau ardatz

Hortik abiatuta, herritar guztiek espazio publikoan parte hartu eta espazio publikoaz gozatzeko eta hirietako ekimen-estrategietan erabakiak hartzerako garaian dauden aldeak murrizteko berdintasun-baldintzak landuko ditugu, genero ikuspegitik lau ardatz aztertuz:

  • Segurtasuna eta autonomia
  • Mugikortasuna eta irisgarritasuna
  • Emakumearen presentzia erreal eta sinbolikoa espazio publikoan
  • Zaintza, lan ugalkorra eta eguneroko bizitzarako espazio eta ekipamendu publikoen sarea

Emaitza

Herritarren ekarpenak oinarri hartu eta emaitza bateratu bat sortzeari ekin genion ondoren. Gaia horren zabala izanik, eta ekarpenen izaera horren anitza, hauek fideltasunez jaso nahi izan genituen. Horretarako, leku bakoitzaren inguruan sortutako ekarpen positibo, negatibo, hausnarketa eta iruzkinak mapa bakar batean jasotzea erabaki genuen.

Ikono desberdinen bitartez modu grafikoan adierazi nahi izan ditugu leku bakoitzari buruzko iritziak. Hasieran hauek bateratu eta sinplifikatzea pentsatu genuen arren, izaera anitzari heldu eta konplexutasuna mantentzea erabaki genuen azkenean.

Mapa batean laburbildu ditugu ekarpenak, zenbaki batekin identifikatu direlarik:

Leku bakoitzari buruzko balorazioak ikono ezberdinen bitartez adierazi ditugu, alde batetik laburpen fitxa batean (ikusi irudia) eta bestetik, banakako fitxetan.

Banakako fitxa horietan jaso den informazioa ondorengo hau da:

  • Lekuaren identifikazio zenbakia (ID)
  • Lekuaren izena
  • X eta Y koordenatuak (mapan lekutzeko)
  • Ekarpen positiboak (ikono eta hitz moduan jasota)
  • Ekarpen negatiboak (ikono eta hitz moduan jasota)
  • Iruzkin testuala, baldin badago
  • Diagnostiko laburra

Ikonoen bidez egindako laburpenaz gain, leku bakoitzari buruzko diagnostiko labur bat ere egin da. Diagnostiko honek batzutan aipatutako arazoa baieztatu baino ez du egingo. Bestetan, aldiz, irtenbiderako gomendioren bat dakar. Hona hemen fitxa bat:
Informazio guzti hau  garrantzitsua iruditu zitzaigun partekatu eta erraz ikusteko modukoa izatea. Beraz, fitxen edukia jasotzen duen Online Mapa bat osatu dugu: http://bit.do/MapaMoreaAstigarraga.

Itzulketa Ibilaldia

Otsailaren 10erako antolatu zen herritarrekin batera egiteko ibilaldia. Fitxa batzuk kalean bertan itsatsi genituen lanaren arrastoa gelditu zedin, eta ordubetez herriko zenbait puntura joan ginen, prozesuan zehar jasotako ekarpenak aipatu eta guztion artean komentatuz.

Ondorioak

Prozesuaren ondorio nagusiak aztertzeko orduan, beste guztien gainetik bat nabarmentzen da: udaleko politikari eta teknikarien formakuntza eta sentsibilizazioa da eraginkortasun handiena adierazi diguna, hau da, ondorio positibo zuzen eta arinena izan duena. Eguneroko bizitzaren adierazleak udal politika guztietan oso modu naturalean barnera daitezke, eta horixe da prozesu honek irakatsi digun ikasgai nagusia. Bestalde, lehen pauso honek jarraipena izan beharko duela ere ukaezina da eta lan-talde bakoitzak bere arloari dagozkion tresna egokiak sortu beharko dituela. Baina badirudi zailena egin dela: Berdintasun Sailak Hirigintza arloan hartzen diren erabakietan zeresanik baduela barneratzea, eta hori oso aberasgarria dela deritzogu.