Astigarragako Mapa Morea

ASTIGARRAGAKO MAPA MOREA ekimenaren helburu nagusia herria parte-hartze prozesu baten bitartez genero ikuspegitik aztertzea izan da.

Prozesua

Hiri debekatuetatik haratago

Hiri debekatuaren mapen helburua emakumeen segurtasunaren ikuspegitik hirigintza berrikustea izan da. Hirigintza eta generoari buruz ari garenean segurtasunaren gaia da guztien gainetik ageri dena. Baina genero ikuspegitik hiri bat aztertzeak beste eremu asko ukitzen ditu, hirigintza ere ez baita inondik ere neutroa.

Hirigintza eta generoa

Espazioek, herrien eta herrialdeen antolaketa, forma eta definizioek eragin handia dute bertan bizi diren pertsonen eguneroko bizitzan. Hori horrela izanik ere, historikoki lan ugalkorra (genero-rolen bitartez emakumeei egotzi zaiena) ez da izan hirigintzan kontuan izan den gaia. Hirietako espazioen egituraketan lan ugalkorrari ez zaio kasurik egin, gizartearen biziraupenerako eta jasangarritasunerako ezinbestekoa den arren. Baina kaleak, plazak eta parkeak espazio publikoak dira eta guztiok erabiltzekoak. Zentzu horretan, segurtasuna, mugikortasuna, irisgarritasuna eta zaintza-lanak bermatu edo erraztu beharko lituzkete espazio hauek.

Espazio publikoaren erabilera

Honetaz gain, eta espazio publikoa delako elkarbizitzarako leku nagusia, proiektu honetan Astigarragan elkarbizitza hori nola ematen den aztertu dugu parte-hartze saioetan: zer leku erabiltzen diren, zeintzuk ez, pertsona desberdinak ordu desberdinetan zein leku dituzten gustuko, zeintzuk saihesten diren, gauetan, neguan… 

Lau ardatz

Hortik abiatuta, herritar guztiek espazio publikoan parte hartu eta espazio publikoaz gozatzeko eta hirietako ekimen-estrategietan erabakiak hartzerako garaian dauden aldeak murrizteko berdintasun-baldintzak landuko ditugu, genero ikuspegitik lau ardatz aztertuz:

  • Segurtasuna eta autonomia
  • Mugikortasuna eta irisgarritasuna
  • Emakumearen presentzia erreal eta sinbolikoa espazio publikoan
  • Zaintza, lan ugalkorra eta eguneroko bizitzarako espazio eta ekipamendu publikoen sarea

Emaitza

Herritarren ekarpenak oinarri hartu eta emaitza bateratu bat sortzeari ekin genion ondoren. Gaia horren zabala izanik, eta ekarpenen izaera horren anitza, hauek fideltasunez jaso nahi izan genituen. Horretarako, leku bakoitzaren inguruan sortutako ekarpen positibo, negatibo, hausnarketa eta iruzkinak mapa bakar batean jasotzea erabaki genuen.

Ikono desberdinen bitartez modu grafikoan adierazi nahi izan ditugu leku bakoitzari buruzko iritziak. Hasieran hauek bateratu eta sinplifikatzea pentsatu genuen arren, izaera anitzari heldu eta konplexutasuna mantentzea erabaki genuen azkenean.

Mapa batean laburbildu ditugu ekarpenak, zenbaki batekin identifikatu direlarik:

Leku bakoitzari buruzko balorazioak ikono ezberdinen bitartez adierazi ditugu, alde batetik laburpen fitxa batean (ikusi irudia) eta bestetik, banakako fitxetan.

Banakako fitxa horietan jaso den informazioa ondorengo hau da:

  • Lekuaren identifikazio zenbakia (ID)
  • Lekuaren izena
  • X eta Y koordenatuak (mapan lekutzeko)
  • Ekarpen positiboak (ikono eta hitz moduan jasota)
  • Ekarpen negatiboak (ikono eta hitz moduan jasota)
  • Iruzkin testuala, baldin badago
  • Diagnostiko laburra

Ikonoen bidez egindako laburpenaz gain, leku bakoitzari buruzko diagnostiko labur bat ere egin da. Diagnostiko honek batzutan aipatutako arazoa baieztatu baino ez du egingo. Bestetan, aldiz, irtenbiderako gomendioren bat dakar. Hona hemen fitxa bat:
Informazio guzti hau  garrantzitsua iruditu zitzaigun partekatu eta erraz ikusteko modukoa izatea. Beraz, fitxen edukia jasotzen duen Online Mapa bat osatu dugu: http://bit.do/MapaMoreaAstigarraga.

Itzulketa Ibilaldia

Otsailaren 10erako antolatu zen herritarrekin batera egiteko ibilaldia. Fitxa batzuk kalean bertan itsatsi genituen lanaren arrastoa gelditu zedin, eta ordubetez herriko zenbait puntura joan ginen, prozesuan zehar jasotako ekarpenak aipatu eta guztion artean komentatuz.

Ondorioak

Prozesuaren ondorio nagusiak aztertzeko orduan, beste guztien gainetik bat nabarmentzen da: udaleko politikari eta teknikarien formakuntza eta sentsibilizazioa da eraginkortasun handiena adierazi diguna, hau da, ondorio positibo zuzen eta arinena izan duena. Eguneroko bizitzaren adierazleak udal politika guztietan oso modu naturalean barnera daitezke, eta horixe da prozesu honek irakatsi digun ikasgai nagusia. Bestalde, lehen pauso honek jarraipena izan beharko duela ere ukaezina da eta lan-talde bakoitzak bere arloari dagozkion tresna egokiak sortu beharko dituela. Baina badirudi zailena egin dela: Berdintasun Sailak Hirigintza arloan hartzen diren erabakietan zeresanik baduela barneratzea, eta hori oso aberasgarria dela deritzogu.

Mila esker, 2016! Gracias, 2016!

2016ean gugan konfidantza azaldu duzuen guztiok izan nahi zaituztegu gure postalean. Eta aurten ere, mapa bat erabili dugu horretarako.

Mila esker 2016an zehar ibilbidea gurekin partekatzearren. 2017ak ere eman diezagula elkarrekin ibiltzeko aukera.

Urte Berri ON!

Hemos querido que todas las personas que habéis confiado en nosotros este año estuvierais en nuestra postal. Por ello, os hemos incluido en el mapa.

Gracias por compartir nuestro recorrido en 2016. Que 2017 nos dé nuevas oportunidades de encontrarnos.

¡Feliz Año Nuevo!

 

P.S.: Iazko mapa hemen ikusgai. El mapa de 2015.

Osasuna eta hiri-garapen jasangarria

2014ko apirilean Udalsarea 21en 17. “Lan Koadernoa” argitaratu zen “Osasuna eta hiri-garapen jasangarria: Tokiko hirigintza-jarduerek osasunean zer eragin daukaten aztertzeko gida praktikoa” izenburupean. Egileek dioten moduan, helburua tokiko hirigintza-ekimenek osasunean daukaten eragina aztertzeko gida praktiko bat izatea da, eta ondokoei zuzenduta dago: hiri-ingurunea aldatzea dakarren, eta beraz, bizimodu osasungarria sustatzeko erabiltzea ahalbidetzen duen edozein ekimen (plan, programa, jarduera) planifikatzen, garatzen edo jarraipena egiten esku hartzen duten pertsona guztiei, teknikariei bereziki. Projekta Urbesen balio handiko dokumentua dela iruditzen zaigu, eta horrexegatik ematen digu are pena gehiago honen ezagutza eta erabilera maila hain bajuak izateak.

Udalsarea 21en eta Osakidetzan (Osasun Publikoa) topa dezakezue. Gazteleraz ere argitaratu zuten.

Genero Ikuspegia Bilboko HAPOaren Aurrerakinean

Bilboko HAPOaren Aurrerakin dokumentua lantzen ari zen LKS-k genero ikuspegia bertan nola txertatu aztertzeko aholkularitza eskatu zigun, eta lan-taldean parte-hartzeko aukera izan dugu azken urtean zehar. Lan interesgarria izan da, aurrerapen dokumentuan ezarri ohi baitira Hirigintza Plan Orokorraren gida-lerroak, hau da, helburu orokorrak.

20161004_112212

Lanaren lehen zatia Informazio Memoria aztertzea izan zen, bertan sumatu genituen generoari buruzko gabeziak detektatu eta konpontzeko asmoz. Lanaren atal honen emaitza izan zen IV. eranskina. Legeria betetzeko genero ikuspuntuaren integratzerako dokumentu osagarria. Eranskin honen bitartez gabezia horiei erantzun nahi izan da, ondorio hauek ikusgai eginez:

  • Bilbon ere, zahartzaroak emakume aurpegia duela
  • Bilboko emakumeek errenta pertsonal baxuagoa daukatela
  • Emakumeek denbora-baliabide gutxiago dituztela
  • Bilbon segurtasun-eza handiagoa dela emakumeentzat

HAPOaren Proposamen Dokumentua osatzeko orduan, lau ondorio hauek hirigintzaren tresnetara hurbiltzeko bi lan-lerro definitu dira:

  • Segurtasuna: espazio publikoaren erabileran segurtasun pertzepzioa hobetzeko baldintzak kontuan hartu.
  • Denboraren kudeaketaren aldarrikapena: generoaren ikuspegitik, hiriaren konfigurazioak denbora pertsonalean duen eragina kontuan hartu beharreko aldagaia da.

Hiria guztiok eskura izan dezagun, honek konpaktua, konplexua, hurbila, irisgarria eta segurua izan behar du, besteak beste. Eta guzti hau zeharka lor daiteke soilik, helburuak zehaztu ondoren esparru bakoitzak bere tresnak erabiliz.

 

Hirigintza guztiontzat: Elgoibar +60

Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuek sustatuta, Unai Arrietak zuzentzen duen Elgoibarko +60 taldearentzat Hirigintza Guztiontzat jardunaldiak emateko aukera izan dugu, 2016ko maiatza eta ekaina bitartean.

352

Hirigintza gai konplexu eta urrun gisa ulertu ohi da. Hala ere, herritarrok egunero bizi, gozatu eta sufritzen ditugu gure herriak. Norberak bere ikuspegia bizipen pertsonaletik jasotzen du, eta horren inguruan hausnarketa aberasteko asmoz, ikuspegi horiei oinarri teorikoak eskaintzea da gure helburuetako bat, herritarra bere esperientzian oinarrituta ahaldundu eta burjabetzea.

Lehen pausoak emateko asmoz, lau saiotan banatu ditugu jardunaldiak:

  1. Bizitza Aktiborako Hirigintza
  2. Hirigintza Barneratzailea: generoa abiapuntu
  3. Etxebizitza generoaren eta zahartzaroaren ikuspegitik.
  4. Saio praktikoa Elgoibarko kaleetan

808-2

Ondorio aipagarriena “begiratzeko modu berri” honek herrian ematen diren prozesuak ulertu eta eraldatzeko tresnak deskubritzen lagundu die zenbait parte-hartzaileri. Bizipenetatik abiatuz, egoera berriak “irakurri” eta hauen diagnostikoak egiteko aukera izan dugu elkarrekin eta benetan aberasgarria izan da, ez baita norabide bakarreko prozesua izan, eman eta jaso egin baitugu guztiok.

 

Irisgarritasun Planak egin eta eguneratzeko diru-laguntzak 2016

Eusko Jaurlaritzak, 2016ko Uztailaren 8eko 3781 Aginduaren bitartez, hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko eta irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko udalentzako diru-laguntzak eskatzeko deialdia luzatu berri du. Ikusi Agindua hemen (PDF).

–  Diru-laguntza: %75 bermatua planak egin eta eguneratzeko.

 Eskariak aurkezteko epea: 2016ko urriaren 3a.

irisgarritasuna04

Irisgarritasun Plana eguneratu… Zertarako?

Irisgarritasuna hobetzeko obra batetarako diru-laguntza bat eskatzen denean derrigorrezkoa da lan hori Irisgarritasun Planean agertzea. Horregatik, plana zaharkitua dagoelako edo eta behar berriak sortu direlako planean agertzen ez diren espazio edo eraikinetan, planaren eguneratzeak lan horiek aurrera eramateko diru-laguntzak lortzea ekar dezake.

Zeintzuk dira aztertuko diren esparruak?

Hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak eta informazio eta komunikazio sistemek bete beharreko  irisgarritasun baldintzak aztertuko dira Irisgarritasun Diagnostikoa osatzeko.

Nola antolatzen dugu Irisgarritasun Plana?

Irisgarritasun Plana erabilgarria izan dadin bi liburukitan banatu ohi dugu:

  • Lehen liburukia: MEMORIA. Diagnostikoa, jardueren lehentasun azterketa, etapa plana eta programa ekonomikoa jasoko ditu. Bi bertsio egin ohi ditugu, euskaraz bat eta gazteleraz bestea.
  • Bigarren liburukia: JARDUKETA FITXAK. Diru-laguntzak eskatzeko erabiliko dira fitxa hauek, esparru eta etapa ezberdinen arabera sailkatuta. Erabilera errazteko fitxak elebidunak dira.

Irisgarritasun Planaren irismena eta antolaketa malguak dira: hirigintzako udal teknikariekin batera definituko dira, herri bakoitzaren errealitatera egokitzeko asmoz.