Elkarbizitza eta espazio publikoa (II)

Espazio publikoaren kalitatea bermatzeko arlo ezberdin asko uztartu behar dira, bakoitzari dagokion garrantzia emanez, bere neurrian, kasuaren arabera. Ez dago espazio publiko perfektua sortzeko errezeta magikorik, espazio publiko hori ez bait da ezer giro eta osatuko duten pertsonik gabe, eta pertsonok, oraingoz behintzat, bakarrak eta ezberdinak bait gara.

Superkilen_

Gomendioak baino ezin ditugu aipatu, hauek norberak bere kasura egokitu beharko ditu. Hortxe dago gakoa, hortxe magia: espazio publiko batzuk oso ondo funtzionatzen dute, beste batzuk berriz, ez.

Gomendio batzuk

1.- Erabiltzaileen partehartzea espazio publikoen eraketan

Egungo espazio publikoen balorazioa egin eta hauen eraldatzea nondik norakoa izan behar duen prozesu partehartzaile bihurtuz nolabaiteko inplikazio emozionala lortzen da. Prozesu partehartzaile honentzat ondoko hiru helburu hauek jar ditzakegu, adibidez:

  • Programaren definizioa eta espazio publikoen sarea diseinatzea.
  • Erabilera eta ekipamendu zehatzen zerrenda osatzea.
  • Espazio publikoaren diseinuan parte hartzea, ariketa pilotu gisa.

2.- Natura espazio publiko sarean txertatzea

Ez gara naturaren onurak aipatzen hasiko, ez bait genuke bukatuko. Aipatuko duguna, ordea, elementu naturalen erabilera espazio publikoen sare osoa kontutan hartuta egitea gomendatzen dugula da. Izan ere, espazioak elkarren artean lotzeko erabil ditzakegu zenbait elementu, edo eta espazioak elkarrengandik desberdintzeko. Erabakiak, beti ere, konszientea izan behar du, ingurune osoa kontutan izanda.

3.- Espazio publikoaren erabilera berpiztuko duten erabilpenak txertatzea

Ez da gai erraza: kaleen berpiztea ez da nolanahi lortzen eta leku zehatz batetan funtzionatu duen errezetak ez du beste leku batetarako balio. Hala ere badira kontutan hartu beharreko zenbait aldagai eta parametro:

  • Kale bakoitzaren izakera bereizgarria indartu.
  • Oinezkoen zirkulazioa bultzatuko duten gune erakarleak sortu ardatzen muturretan.
  • Ekipamendu publikoren bat ekimenak sustatu eta txertatuko dituen ardatz bihurtu.
  • Kale mailan dauden jarduerak indartu eta bultzatu.

4.- Egokitzapen topografikoa eta irisgarritasuna bermatzea

Ibilbide irisgarri sare bat osatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu espazio publikoen erabilera orokor eta oso bat lortzeko. Hala ere, sare horrek kontutan izan behar du hasierako egoera, nolabaiteko oreka lortuz tokiko orografiarekin. Gomendio nagusiak hauek lirateke, beraz:

  • Oinezkoen ibilbideak topografiara egokitu, sare egoki bat bermatuz, batez ere ekipamendu publikoen inguruan.
  • Irisgarritasun legeak araututako puntuak bete eta, ahal bada, gainditu Irisgarritasun Unibertsala lortzeko bidean.

5.- Egokitzapen klimatiko eta akustikoaren bidez erosotasuna lortzea

Espazio publikoa erabilgarria izan dedin, ezinbestekoa da erosotasuna. Erosotasun hori aldakorra da: neguan eguzkitan egon ahal izatea, udaran itzala edukitzea bezain garrantzitsua da. Bestalde, zarata gehiegi dagoen lekuetan hau leunduko duten elementuak jartzea ere gomendagarria da.

6.- Hiriaren irakurketa egokia bermatzea

Hiriko espazio publikoaren irakurketa formala errazteak non gauden eta nora joan nahi dugun hobeto ulertaraziko digu. Toki bakoitzak bere izaera formala izateak, bestetik desberdintzeak, harreman berezia sortarazi dezake pertsona ezberdinekin. Horretan lagun dezake, baita ere, hiri altzari egokiak aukeratzeak, edo eta bestelako elementu desberdintzaileak jartzeak, artelanak esaterako. Honen inguruan, beraz, zera azpimarratuko genuke:

  • Espazio publikoen arteko jerarkiak agerian jarri, hiriaren irakurketa espaziala errazteko. Espazio bakoitzaren izakera landu.
  • Behe solairuen tratamendu bateratua, espazio bakar gisa ulertarazteko.
  • Zoladura eta argiteria aukeraketa egokia egin, helburu formala eta erabilgarria bateratuz.

7.- Hiri ekipamendurako elementuen aukeraketa egokia egitea

Hiri ekipamendurako elementu egokiak aukeratzea ez da nolanahi egin daiteken zerbait. Haurren jolasetatik hasi eta eserleku edo iturri egokietaraino asko dira kontutan hartu beharreko parametroak. Izan ere, erabiltzaileen behar eta ahalmen ezberdinak aintzat hartu behar ditugu, ahal izanez gero, guztiei erantzuna eman ahal izateko.

  • Haurren jolas parkeetan adin ezberdinak kontutan izan, adin orok jolasteko aukera izan dezan.
  • Jolas parkeak eta helduentzako ekipamendu edo atseden lekuak bata bestearengandin hurbil jarri.
  • Eserlekuak aukeratzerakoan adin eta egoera ezberdinak kontutan hartu, bai eta kokapen egokia ere.
  • Iturri, komun eta gainontzeko ekipamenduak erabilgarri eta irisgarriak egin, diseinua pertsonei egokituz.

Lehen atala: Elkarbizitza eta espazio publikoa (I)

Deja un comentario