Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunaren Ikuspegitik Irungo HAPN-aren Diagnosia, Ebaluaketa eta Egokitzapena

(Leer el artículo en español)

Irungo Udalarentzat egindako txosten honen helburu nagusia genero ikuspegia Irungo Hiri Plangintza Nagusiaren berrikusketa prozesuan sartzea da. Hirigintza alorrean oinarrizko dokumentua den HAPN-an emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ezinbesteko aukera izan da, herritarren arteko genero desberdintasunak orekatzea erraztuko duten neurriak bultzatuz.

Aipatzekoa da lan honi ekin genionean plangintzaren dokumentuak jasoa zuela jadanik Hasierako Onespena. Beraz, gure lanaren onarpena Behin-behingo Onespenarekin batera egitea zen. Honek eragin handia izan zuen proposatutako metodologian eta honen ondorioz neurrien eraginkortasuna eta horiek aplikatzeko erraztasuna funtsezkoak izan ziren. Horrela, jada onartutakoarekin kontraesanean sartzea saihestu nahi zen, testuko ordenantzak ahalik eta modurik eraginkorrenean osatuz. Guzti hau posible izateko Hirigintza Plangintzako Arkitekta den Naiara Zabalarekin egindako elkarlan estua ezinbestekoa izan zen, berarekin adostu bait genituen jarraibide nagusiak.

Street Art By SmugOne, in Glasgow

Ordurarte landutako Plangintzaren azterketa egin genuen, irizpide barneratzaileak sartzeko mesedegarri izan zitezkeen puntuak arautegian detektatu ahal izateko. Jarraitutako pausoak ondorengo hauek izan ziren:

  • Plangintza Nagusia genero eta egunerokotasunaren ikuspegitik aztertu,

  • Neurri zuzentzaileak proposatu,

  • Artikuluen alternatiba gisa testu bat edo dagozkion fitxak proposatu,

  • Proposatutako horrek hirigintzako arautegian duen eragina aztertu.

Amaierako dokumentu gisa, txosten honek Irungo Plangintza Nagusiaren behin-betiko idazketan zer-nolako eragina duen ebaluatzeko gida bat egin genuen.

Proposatu genituen neurri zuzentzaile nagusiak hiru alorretan bana ditzakegu:

  1. Espazio publikoan eragina dutenak

  • Oinezkoen guneak diseinatzeko irizpideak aldatzea: Irisgarritasun Legea gainditu eta haratago joan, oinezkoek hiriaren erabilpen erosoagoa egin dezaten.

  1. Ekipamendu publikoetan oinarritutakoak

  • Ekipamendu publikoen erabilerarako baldintzak aldatzea, gizarte-sareak sustatu eta eguneroko bizimodua erraztu dezaten.

  • Merkataritza eta industria guneetako aparkalekuetan oinezkoen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren arauak finkatzea.

  1. Etxebizitza alorrekoak

  • Eraikuntza Aprobetxamendua zenbatzeko irizpideak aldatzea: eraikita dauden etxebizitzetako baldintzak hobetzea erraztu eta berrietarako irizpideak aldatzea, eguneroko bizitza erraztean oinarritu daitezen.

  • Erabilera Baimenduak ezartzeko araubide orokorra aldatzea: etxebizitza bloke berri bakoitzeko behe solairuan haur-kotxe, erosketa-orga, gurpil-aulki motordunak eta antzerakoak gordetzeko lokal bat eskaini beharko da, adibidez.

  • Etxebizitzetako Bizigarritasun baldintzak aldatzea: etxebizitza bat diseinatzerakoan kontutan hartzen diren zenbait baldintza aldatzea, adibidez, biltegiratze minimoak gainditzea, sukaldeetako biltegi eta lan azalerak segurtasunaren ildotik bermatzea edo eta familia mota ezberdinen egiturara molda daitezken etxebizitza tipologiei bidea erraztea.

Irungo Udaleko Hirigintza Plangintza sailarekin egindako elkarlanari esker, proposatutako artikulu guztiak Planean txertatu dira. Honek bide berriak ireki dizkio Emakume eta Gizonezkoen arteko berdintasunaren alorrean egin ohi diren lanei eta eraginkortasunaren alde egindako apostu honen emaitzak hurrengo urteetan ikusiko ditugu.

Txosten hau eta HAPN-ko beste dokumentuak, udal webgunean.

2 opiniones en “Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunaren Ikuspegitik Irungo HAPN-aren Diagnosia, Ebaluaketa eta Egokitzapena”

Deja un comentario