Genero ikuspegia hiri-plangintzan

(Leer el artículo en español)

Valentziako udalak HAPOaren berrikusketan genero ikuspegia txertatzeko asmoa dauka, eta horren harira, Hiri-Garapeneko Zinegotzigoak udaleko hirigintza arloko teknikariei zuzendutako prestakuntza ikastaroa prestatu zuen, “Urbanismo de género: criterios para su aplicación en València” izenburupean. Universitat Politècnica de València-n irakasle diren Eva Álvarez eta Carlos Gómez arkitektoak arduratu ziren saio hauek diseinatzeaz eta zuzentzeaz.

Eva izan zen prestakuntzako atal bat irakastera gonbidatu gintuena: guk ez genuen ezagutzen, baina berak gure arrastoa jarraitzen zuen Irungo HAPOan eta Bilboko HAPOaren Aurrerakinean egin genituen lanei segika, izan ere genero ikuspegi batetik neurri konkretu eta eraginkorrak txertatu dituen hirigintza-plan oso gutxi dago nonbait. Prentsa oharrak modu honetara jaso zuen: “Así se lograría que la ciudad fuera pionera en España, junto con Bilbao, donde ya se han aplicado soluciones en este sentido.”.

Horrelakoetan ia beti gertatzen zaigun bezala, gonbidapenarekin batera poza eta sustoa, biak batera etorri zitzaizkigun, are handiagoak “irakasle” lanetan ondoan izango genituenak ikusita. Besteak beste, Eva Kail (hirigintza eta generoan Europan den aditurik garrantzitsuenetakoa), Zaida Muxí (genero eta hiriaren gaian gure erreferente eta irakasletzat duguna), Atxu Amann handia edo Albert Cuchí (Vallès-eko Arkitektura Eskolako zuzendaria). Kanpoko norbaitek esan arte, batzutan ez zara konturatzen bide berriak urratzen ari zarela eta norabide onean zoazela. Horregatik ere gaude hain eskertuta Evarekin. Hemen prestakuntza saioen programa:

Ez zen horrelako bat egiten genuen lehen aldia, eta tira, badirudi gustatu zitzaiela: izan ere, gero eta prestakuntza saio gehiago ematen ari gara, gure Arkitektura Eskolan adibidez, baina batez ere udaleko teknikari eta ordezkari politikoei eskaintzen dizkiegu, saio espezifikoen bitartez batzuetan, hiri-diagnostikoen proiektuen parte bezala besteetan.