Hirigintza genero ikuspegi batetik: mugatzaileen eta eraginen mapa baten proposamena

(Leer el artículo en español)

Nahiz eta normalean hirigintzan genero ikuspegia txertatzeko eskakizunak datu errealen gainean sendo arrazoitzen diren, oraindik ere arduradun askok (teknikariak, ordezkari politikoak) jarduera “bigun” edo “benetako hirigintzaren gehigarri” bezala hartzen du hirigintza feminista. Gure ustez, pertzepzio honetarako arrazoietako batek honokoan datza: gure inguruko udalerrietako hiri-plangintzan ez dagoela ia genero ikuspegiaren aplikazioaren adibide konkreturik. Gure kasuan ordea egin ahal izan ditugu era horretako lanak, eta kanpotik adierazi zaigun arte ez gara jabetu hauek izan duten garrantziaz.

Garbi daukagu norabide honetan egin behar dugula aurrera, eta horretarako mapa bat behar dugula bide argi bat urratzeko. Baina aldi berean, eta bokazioz nahiago dugunez “egitea” “ikertzea” baino, kontzeptuzko markoak eraiki eta eztabaidatzeko ariketek ikara apur bat ematen digute.

Edozein kasutan, eta hainbat urtetan gure lanari esker Osasun Publikoan edo Osasunaren Sustapenean ari diren profesionalekin jardun dugunez, osasunean mugatzaileen ereduak ezagunak zaizkigu:

Osasunean mugatzaile sozialen eredua, Dahlgren eta Whitehead-ena (1991). Osasuna emaitza bat dela erakusten du, kausazko baldintzen maila desberdinen arteko elkarrekintzaren ondorioz ematen dena: norbanako, komunitate, edo inguruneetatik hasi eta politika orokorretara edo osasun sistematara.

Mugatzaileen ereduan genero ikuspegia txertatzea helburu, osasunean desberdinkeriak jasotzen dituen marko bat behar dugu gainera:

Osasunean desberdikeria sozialen mugatzaileen kontzeptuzko markoa. Espainian Osasunean Desberdinkeria Sozialak Murrizteko Batzordea, 2010. (Solar et Irwin eta Navarro-n oinarritua)

Ez ditugu ezta bistatik galtzen Udalsarea21-en “Osasuna eta hiri-garapen jasangarria: Tokiko hirigintza-jarduerek osasunean zer eragin daukaten aztertzeko gida praktikoa” lan-koadernoa, edota Asturiasko Osasun-Behatokiaren eskuhartze komunitarioetan ekitatea ebaluatzeko tresna.

Gure mapa marrazten hasteko (“mapa” eta ez “eredua”, hau eltze handiagoko kontua bait litzateke), marko malgu batekin hastea pentsatu dugu, proiektu bakoitzaren ezaugarrietara moldatzeko modukoa:

Hiri-plangintzan genero ikuspegia txertatzeko mugatzaileen eta eraginen eredu baten proposamena. Projekta Urbes (2017)

Markoak hiru zerrenda jartzen ditu harremanean: (i) azterketa-ardatz edo mugatzaileak, (ii) eragin-eremu edo dimentsioak eta (iii) intersekzionalitate-ardatzak. Proiektu bakoitzean marko orokor honetako hiru zerrenden edukia zehaztu behar dugu hainbat baldintza kontuan hartuz: proiektuaren eremua edo eskala, lanaren helburua, bezeroaren ezaugarriak, ingurune soziala, etab.

Adibidez, genero ikuspegi batetik urbanizazio-proiektu baten diagnostikoan eta neurri zuzentzaileen proposamenean egin dugun azken lanean, txostena idazteko erabili genuen mapa honokoa izan zen:

Urbanizazio-proiektua 5 ardatz edo mugatzaileetatik aztertu genuela ikus daiteke: (i) Segurtasuna, (ii) Irisgarritasuna, (iii) Mugikortasuna, (iv) Osasunaren babesa eta (v) Osasunaren sustapena. Eta bestalde, ohar eta neurri zehatzak pertsonaren 5 eremu edo dimentsioen gain duten eraginaren arabera arrazoitu genituen: (i) Autonomia, (ii) Osasuna eta ongizatea, (iii) Denboraren erabilerak eta hauen bateratzea, (iv) Etxearen, pertsonen eta komunitatearen zaintza, eta (v) Presentzia eta adierazgarritasuna.

Puntu honetantxe gaude hiri-plangintzan genero ikuspegia txertatzeko lanei dagokionez. Eta hauxe da gure mapa, oraingoz.