Hirigintzaz kanpinean ikasitakoak

Oraindik oporren oroitzapenak fresko dauzkagula aprobetxatuz, hausnarketa bat partekatu nahi genuke zuekin, ea ados zaudeten eta denon artean sakontzeko gai garen. Udara honetan ere gure oporraldia kanpinean pasa dugu. Behin-behineko herrixka hauetan egunero aldatzen da paisaia, egunero eraikitzen da auzoa, egunero birsortzen da komunitatea.

kanping

1- Oinezko (eta bizikleta, patinete)-en hiria denez, autoek protagonismoa galtzen dute. Pertsonek lehentasuna izatea egoera onartua da, komunitateak barneratua. Ez dago horren inguruko zalantzarik. Honi esker sortzen da bizitza jazotzeko giro egokia, autorik ezean segurtasuna ia bermatuta baitago.

2- Ez da maila sozio-ekonomiko mailaren araberako segregaziorik sortzen herri hauetako kaleetan: luxozko autokarabana baten ondoan kanping denda xumeena aurki dezakegu.

3- Oztopo errealik gabe intimitatea kudeatzeko edo sentitzeko gai gara. Norberak garbi du non bukatzen den bere lurzatia, ez du hesirik jarri beharrik. Eta lurzati horretan bere familia bizitza garatzeko gai da, ingurukoen begibistan.

4- Lan produktiboa mapatik desagertzean, lan erreproduktiboa gelditzen da agerian. Komunitate osoak parte hartzen du eguneroko bizitzako “etxeko” lanetan: ura garraiatu, erropa eskegi, umeei komunera lagundu, kanpamendua txukun mantendu,… Salbuespenak salbu, guztiok parte hartzen dugu lan horietan: haur, heldu, gizon eta emakume. Errazagoa da, gainera, lan horiek auzokoekin batera egitea. Honek arazo berdinei erantzun bateratua ematen ere laguntzen du.

Bizitza BEGIBISTAN gertatzen denean elkarrekintza errazten da, KOMUNITATEA indartzen da. Agerian gelditzen dena bizitza bera da, funtsezkoa. Horregatik, gure herri eta hirietan pertsonen arteko harremanak erraztea egin-beharreko zerrendan lehen postuan jarri beharko genuke, oinezkoentzat kale seguruak eraikiz eta espazio eta ekipamendu publikoak pertsona ezberdinen beharretara egokituz.

Deja un comentario