Urbanizazio-proiektu baten diagnostikoa eta neurri zuzentzaileen proposamena genero ikuspegi batetik

(Leer el artículo en español)

Duela gutxi, euskal udal batetako Berdintasun Sailak hala eskatuta, urbanizazio-proiektu baten inguruko “Diagnostikoa eta neurri zuzentzaileen proposamena genero ikuspegi batetik” lana osatu dugu.

Horrelakoetan prozesua ia beti honokoa izaten da: jabe eta sustatzaileek etxeak eraiki eta saltzen dituzte, baina baita espazio publikoak urbanizatu ere (kaleak, enparantzak, lorategiak… xehetasun guztiak kontuan hartuz: zuhaitzak, hiri altzariak, etab.). Aurretik urbanizazio-proiektua aurkeztu behar izaten diote udalari honek bere oneritzia eman dezan. Eta honoko honetan, Berdintasun Sailak erabakian parte hartu nahi izan zuen eta aipatu txostena eskatu zigun.

Proiektuaren dokumentazioa oinarri hartuta (planuak, memoria, aurrekontua…) idatzi genuen txostena. Eskatzailea Berdintasun Saila izanik, argi ikusi genuen ohar eta proposamenak arrazoibide sendoen gainean justifikatu behar zirela, eta beraz horretan ahalegin berezia egin behar genuela. Hala, espero baino dokumentu luzeagoa atera zitzaigun. Eta nola ez, Hirigintza Sailera iritsi zenean, luzeaz gain erabilgaitza iruditu zitzaien txostena, eta laburpen bat eskatu ziguten soilik oharrak eta neurri zehatzak jasoko zituena.

Ez zitzaigun ideia gehiegi gustatzen, baina ulertzekoa zen eta halaxe prestatu genuen laburpen-txostena, honoko sarrera-testuarekin:

Honoko Laburpenean Dokumentu Osoko diagnostikoak eta proposamenak jaso dira, edukia justifikatzen duten ebidentzia eta azalpenak kenduta. Beraz, dokumentu zaluagoa (bizkorragoa) den arren, edukiaren euskarri den marko teorikoa falta zaio. Besteak beste Hirigintza eta Herrilan sailen eskaerari jarraituz idatzia, laburpen honen irakurketak ez luke Dokumentu Osoaren irakurketa ordezkatu behar (68 orrialde, gazteleraz).

Hirigintzan genero ikuspegia aintzakotzat hartzeak konplexutasuna dakar erabakiak hartzeko orduan. Sarritan, gainera, kontraesanak sortzen ditu ohiko hiri-plangintza prozesuek jarraitzen dituzten oinarriekin. Hauen artean nagusia ondorengoa litzateke: Zein da hiri-plangintzaren subjektua?

Hirigintza feministak defendatzen duena da, gizartearen behar eta nahi “garrantzitsuenak” bere baitan dituen hiritar eredu bat ezartze-prozesua ez dela, ez neutroa eta ezta bidezkoa ere. Ez da neutroa, errealitatea irakurtzea eta erabakiak hartzea aurreiritzi, ideologia eta balore jakin batzuetatik abiatuz egiten delako.

Ez da bidezkoa, logika produktiboan oinarritzen baita herritarren jardueren irakurketa egiterakoan, ahalegin eta baliabide gehiago jarriz errenta produkzioarekin lotuta dauden pertsona eta jardueretan, eta gainontzeko pertsona eta jarduerak hauen menpekotzat tratatuz. Bidezkotasunez jokatuz, beharrizan gehien duenari baliabide gehiago eman beharko litzaioke.

Dena den, hainbat erakunde publikotatik egiten diren politika eta jardunbide askoren inguruan gauza bera esan genezake. OCDE-ren grafika hau adibidez: hainbat herrialdek “gastu sozial” gehiago eskaintzen diote errenta gehien duen populazioaren %20ari (lauki laranja), errenta gutxien duen %20ari baino (marra urdina). Bikoitzetik haratago gure inguruko zenbait herrialdetan.

Metodologia

Laburbilduz, genero ikuspegitik hirigintzari ere eskatzen zaiona zera da: lan produktiboari adina baliabide eskaintzea lan ugalkorrari.

Metodologiari dagokionez, proiektu zehatz honetan espazio publikoen eta ekipamenduen azterketa 5 ardatz edo determinatzaileen arabera egin genuen, eta hauen inguruan antolatu genituen behaketak eta proposamenak: (i) Segurtasuna, (ii) Irisgarritasuna, (iii) Mugikortasuna, (iv) Osasunaren babesa eta (v) Osasunaren sustapena. Proiektuaren eskala eta esparrua kontuan hartuta, gure mapa moldatu genuen eta beste hainbat azterketa-ardatz utzi genituen albo batetara: etxebizitzekin harremana (bai eraikinekin eta baita erabilera berarekin ere), jarduera ekonomikoekin harremana, espazio eta ekipamendu publikoen sarea eta eskalak, merkataritza txikia eta hurbilekoa, eta abar.

Beste alde batetara, urbanizazio-proiektuaren eraginpean leudeken 5 eragin eremu edo pertsonaren dimentsio hartu genituen kontuan: (i) Autonomia, (ii) Osasuna eta ongizatea, (iii) Denboraren erabilerak eta hauen bateratzea, (iv) Etxearen, pertsonen eta komunitatearen zaintza, eta (v) Presentzia eta adierazgarritasuna.

Azkenik, laburpenean ez ziren sartu Dokumentu Osoan kontuan eduki ziren intersekzionalitate-ardatzak, proiektuko eremurako hautatu genituenak: (i) klase soziala, (ii) adina y (iii) etnia/kultura.