“Generoa, arkitektura eta etxebizitza” UIK-eko ikastaroa

“Generoa, arkitektura eta etxebizitza” ikastaroan parte-hartzeko aukera izan dugu EHU-ren Uda Ikastaroen baitan. Euskadiko Arkitektura Institutua izan da Inés Sánchez de Madariaga eta Inés Novella Abril-ek antolatutako ikastaro interesgarri honen egoitza.

Hasiera instituzionalaren ondoren, Franziska Ullman izan genuen gurekin Vienatik zuzenean. Generoa eta etxebizitza gaietan erreferente den Austriako arkitektoak bere ibilbidea azaldu zigun, Frauen Werk Stadt-etik hasi eta generoaz gain generazioa edo etnia kontuan hartu dituzten beste proiektu batzuk azalduz.

Iñaki Carnicerok “Arkitekturaren kalitatea, hirien kohesio soziala eta jasangarritasuna lortzeko tresna” ponentzia aurkeztu zuen, “Arkitekturari eta eraikitako ingurunearen kalitateari buruzko Legea“-ren eta 2030 Agendaren testuinguruan.

Goizari amaiera emateko, Pablo García Astrain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendariak gidatu zuen mahai-ingurua hasi zen. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko bizigarritasunari buruzko Dekretu proiektuan genero ikuspegiaren integrazioa nola egin den azaldu zuten parte-hartzaile ezberdinek.

Lehenik Sonia Abeziak genero ikuspegia txertatzearen beharraz gain, modu eraginkorrean nola egin azaldu zuen. Ondoren, Inés Sánchez de Madariaga-k dekretuan zehazki nola egin zuten azaldu zuen, aldi berean zeharkakotasuna (mainstream) eta berariazko neurriak txertatuz.

Gure txanda iritsi zen ondoren: azken urtean Sonia Abezia eta Ainara Sertutxarekin elkarlanean idazten ari garen “Genero-Ikuspegia etxebizitza kolektiboen proiektuen idazketan integratzeko gida”-ren aurrerapena aurkeztu genuen. Ondoren, Ainara Sertutxak Etxebizitza sailak sustatutako proiektuetan genero ikuspegia nola txertatu ari diren azaldu zigun, adibide ezberdinak erakutsiz.

Ilustrazioak: Zuriñe Burgoa

Arratsaldean Anna Bofill Levi-k “Generoa, etxebizitza eta arkitektura: Walden eta beste proiektu batzuk” ponentzia interesgarria aurkeztu zuen, duela berrogei bat urte, genero-ikuspegi deitu ez arren, proiektuetan aplikatu zituzten zenbait irizpide azalduz.

Lehen eguna bukatzeko Despina Stratigakos-ek “Women’s Architectural Spaces in Imperial Berlin and Their Lessons for Today“ ponentzia aurkeztu zuen, non emakumeek etxebizitzara irismena edukitzeko izan zituzten zailtasunak eta erronkak azaldu zituen.

…………………………..

Bigarren eguna Amerikar Estatu Batuetako etxebizitza politikei feminismoetatik egin diezazkiokegun ekarpenei buruz jardun zitzaigun Lori Ann Brown.

Ondoren, Lidewij Tummers-Mueller-ek etxebizitza hiri ez-sexista bat lortzeko gakoa dela azaldu zigun, adibide ugari erabiliz.

Bigarren egun honetako mahai ingurua Begoña Serrano, Valentziako Eraikuntza Institutuko zuzendariak, gidatu zuen eta Valencia eta Barcelonako esperientzia eta proiektuetan oinarritu zen.

David H. Falagan-ek “Qüestions d’Habitatge 22: Flexibilidad e igualdad de género en la vivienda”-n jaso zuten ikerketaren oinarri izan ziren lau ardatz azaldu zituen: (1) etxebizitzen azterketa pertsonen ikuspuntutik egitea (2) egoerak artatu eta ulertu (3) galdera berriak egitea eta (4) erantzunak ikusaraztea.

Inés Novella-k “Generoa eta etxebizitza, ikerketatik politika publikoetara eta legeriara” ponentziaren bitartez ordena pixka bat jarri zuen eta estatuan eta autonomia-erkidegoan idazten ari diren araudi eta dokumentuen arteko harremanak hobeto ulertzen lagundu zigun.

Ondoren, Nuria Matarredona, Valentziako Generalitatearen Eraikuntzako Berrikuntza Ekologikoaren zuzendari nagusiaren txanda izan zen: arkitekturan berrikuntza eta jasangarritasunerako Proiektu Pilotua lehiaketa aurkeztu zuen, etxebizitza eraikin publiko iraunkorrak eraikitzeko, bai gizarteari, bai ekonomiari eta ingurumenari dagokienez.

Azkenik, Cierto Estudio-ko Clara Vidal eta Carlota de Gispert-en eskutik La Comunitat Habitacional (Bizitegi-komunitatea) proiektua hobeto ezagutzeko aukera izan genuen, “Illa Glòries” IMHAB lehiaketan lehen saria jaso zuen Bartzelonako Plaza de las Gloriasen babes ofizialeko 60 etxebizitza proiektua.

Arratsaldeko saioa “Why Do People Who Get Pregnant Suffer Housing Penalties?” Daphne Spain-en eskutik: Amerikar Estatu Batuetako datuak espainiar estatukoekin alderatu zituen, azterketa zehatz eta sakon bat eginez. Ondorio gisa, etxebizitza politikek eragindako desberdinkeriari aurre egiteko erabaki arlo eta maila guztietan emakumeen presentzia areagotu beharra azpimarratu zuen.

Zoritxarrez, Teresa Bocciak ez zuen parte-hartzerik izan, beraz azken txanda Jordi Bosch-ena izan zen “Generoa eta etxebizitza: alderdi sozioekonomikoak eta politika publikoetakoak” hitzaldiarekin. Etxebizitza eskuratzeko orduan zailtasun handienak dituzten familiak batez ere ama bakarrekoak direla azaldu zuen, eta zaurgarritasun-egoera hori ikusarazteko estatistika-datuetan hobeto ulertzen eta bilatzen irakatsi zigun.

Ikastaroa bukatzeko, martxan dauden proiektuen jarraipena egin eta sortuko diren proiektu berriak ezagutzeko bi urte barru berriz ere bertan elkartzeko asmoa baieztatu genuen parte-hartzaileok.