Urnietako Elkarbizitzarako Lekuen Mapa

Urbes for All aholkularitzak Urnietako Udalarentzat “Batzen duten lekuak, kentzen duten lekuak” proiektua gidatu eta garatuko du hurrengo hilabetean zehar. Proiektu honen helburua Urnietako elkarbizitzaren diagnostiko bat egitea da eta bertako herritarren partaidetzaren bitartez kaleko elkarbizitzari buruzko iritzia jasoko da, herriko espazio publikoak oinarri hartuz.

Galdetegi bidez jasoko ditugu iritziak eta bildutako informazioaren bidez elkarbizitzarako lekuen mapak osatzea da gure asmoa bi helburu hauekin:

  • Herriko elkarbizitzaren aberastasuna islatzea eta ezagutzera ematea.
  • Herrian topaketa-lekuak, gatazka-lekuak, bereizketa-lekuak, aukera-lekuak eta abar identifikatzea.

4-gazte-bankuan

Elkarbizitzaren kontzeptua zabala eta lausoa da, eta norbanakoaren arabera interpretazio anitz ematen zaio esanahiari edota alkantzuari dagokionez. Hori dela eta, zaila izaten da gai honen inguruan egiten diren diagnostikoetan emaitza baterakorrak eskuratzea, batez ere ikerketan talde heterogeneoak hartu badira kontuan.

Oztopo hau gainditu asmoz, partaidetza-proiektu honetan zera proposatuko diegu urnietarrei: elkarbizitzaren kontzeptua beraien eguneroko bizitzako errealitate konkretu batekin lotu dezatela, bere herriko leku batekin alegia.

Leku bakoitzak modu ezberdinean eragingo dio elkarbizitza horri, eta alderdi positiboak edo negatiboak izango ditu pertsona bakoitzaren esperientzien edo perzeptzio propioen arabera. Herritarron bizimoduaren eskenatoki izateaz gain, espazio publikoek gure arteko tratua baldintzatu eta elkarbizitzaren gain eraginten dute.

Emaitza

Herritarren partaidetzari esker jasotako datu eta iritziak hainbat mapa eta irudi grafikotan trinkotuko dira, talde desberdinek (gizonezko eta emakumezkoak, adibidez) leku berberari buruz dauzkaten ikuspuntuak islatuz.  Urtarrilean zehar ikusgai egongo diren mapa hauek, elkarbizitzaren konplexutasunaren inguruan hausnarketarako eta eztabaidarako abiapuntu izatea espero da.Halaber, “Batzen duten lekuak, kentzen duten lekuak” proiektua diagnostiko bat denez, bere emaitzak kontuan hartu ahal izango dira herriko eraikin eta espazio irekietan eragin dezaketen egitasmoetan.

Informazio gehiago urnietakolekuak.wordpress.com-en aurkituko duzue.

0 opiniones en “Urnietako Elkarbizitzarako Lekuen Mapa”

Deja un comentario